GURE OFIZIOAN ARITZEKO CACHÉ DUINAK ORDAINTZEA ONETSIKO DUTEN AURREKONTUAK DEFENDATZEKO MANIFESTUA
Galegoz / Gaztelaniaz / Katalaneraz / Ingeleraz
AEDA, ANIN, LA FAULA, GNOA, MANO eta NOGA elkarteek, eta bertan parte hartzen duten kontalari guztiek, jendaurrean zera adierazi nahi dugu: Ez gaudela ados gure jardun profesionala garatzen dugun liburutegi publiko askotan ipuinen saio eta ikuskizunetara bideratutako aurrekontuak aspaldidanik izoztuta egotearekin.
Publikoaren aurrean ahoz ipuinak kontatzeak ahalegin eta prestakuntza handia eskatzen du; kontakizunak aukeratzetik hasita, historia erakargarri egingo duten baliabide narratiboak bilatzea eta, azkenik, batzuetan zailak diren egoerak maneiatzea eskatzen du, adin eta interes askotarikoak dituzten dozenaka pertsonen aurrean lan egiten dugunean.
Ipuinak modu profesionalean kontatzea ofizio zorrotza da: prestakuntza jasotzen jarraitzea eskatzen du, nahiz eta hainbat urtetako esperientzia izan ikastetxeetan, liburutegietan, antzokietan, plazetan kontatzen, era askotako publikoekin eta testuinguru oso desberdinetan. Horregatik uste dugu bidezko ordainsari bat beharrezkoa dela, ofizioak eragiten dituen gastuei aurre egiten jarraitu ahal izateko.
Liburutegietan kontatzen dugunok sustraiak tradizioan dituen lan artistikoa egiten dugu. Ipuinak kontatzea, modu profesionalean egiten denean, gertuko jarduera da, pizgarria eta publiko guztiek asko baloratzen dutena, haurtxoek, eskolakoek, nerabeek zein helduek.
Profesionalak garen aldetik, Gizarte Segurantzan kotizatzen dugu gure autonomoen kuotak, gizarte-aseguruak, jarduerari dagozkion zergak eta erantzukizun zibileko asegurua ordainduz, baina, gainera, askoz ere gastu gehiago ditugu jarduerari lotuta: ibilgailua edo garraioa, dietak, gestoria, etab. Gai hau zehatzago azaltzen duen artikulu hau irakurtzea gomendatzen dugu.
Aldarrikapen hau testuinguruan kokatzeko, aipatu behar da 2020tik gaur arte Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) ia % 20 igo dela (ikus hemen), eta Gutxieneko Soldata, berriz, % 50 igo dela. Bien bitartean, irakurketa sustatzeko kanpainez arduratzen diren zenbait liburutegi eta erakundetan, ahozko narrazioaren profesionalentzako cachéak, modu proportzionalean handitu beharrean, aspaldidanik ia ikutu gabe mantentzen dira. "Ahozko narrazioaren aurrekontua nola egin" gaiari buruzko artikulu hau argigarria izan daiteke zentzu horretan.
Gainera, uste dugu askotan konparaketa iraingarria gertatzen dela bestelako kultura-, kirol- edo aisialdi-jarduera batzuekiko, horiek aurrekontu-hornidura bidezkoagoa izaten baitute.
Horregatik guztiagatik, Espainiako kontalari profesionalen kolektiboak zera eskatzen diegu erakunde publikoetan aurrekontuak esleitu, onartu eta programatzeko ardura duten pertsonei: Baloratu dezatela gure ofizioa eta lan ona gure ustez merezi duen bezala, hau da, ikuslegoak egiten duen bezala.
Manifestu hau Espainiako ahozko narrazioaren elkarte guztiek sinatzen dute: AEDA, Espainiako ahozko narrazioaren profesionalen elkartea – ANIN, Associació de narradores i narradors (Cataluña) – LA FAULA, Associació catalana de professionals de la narració oral – GNOA, ahozko narrazioaren gremioa Andaluzian – MANO, Madrilgo ahozko narrazioaren elkartea – NOGA, ahozko narrazio kolektibo galegoa.