Kontalaria eta besteak
Istorio bat kontatzen dugunean, kontalariaren eta bestearen artean harreman bat sortzen da. Eta apropos diot “besteak”, izan ere, interesgarria iruditzen zait eztabaidatzea kontalariak duen paperaz, ez bakarrik, ipuin kontaketa batera doazen pertsonekiko, baita jendarte osoarekiko ere.
Eta zein harreman dago kontalaria eta bestearen artean?
Galdera hau bidelagun dut nire lanean, bueltaka darabilt entseguetan, eszenatokietan zein ikastaroetan. Istorioak kontatzearen artearen bidea galdera egoki baten babesean egiteak adi egotera behartzen gaitu, begiak zabalik, gogoa beti prest. Erantzunak maiz, arriskutsuak izan ohi dira, batez ere ideia errezak erosten diren supermerkatuetan eskuratuak baldin badira, balizko eztabaidari ateak itxiz.
Nahiago dut erantzun zabal bat imaginatu, amaierarik ez duen “puzzle” bat bailitzan, zeinean, apurka apurka piezak kokatuz goazen, espazio berriak eraikiaz eta definituaz. Galdera honen erantzun posible bat botatzeko ausardia hartzen badut, beraz, izan dadila eztabaida sortu eta aberasteko helburuz. Inondik inora eztabaida itxi asmoz.







