gaztelaniaz / ingeleraz

 

Istorio bat kontatzen dugunean, kontalariaren eta bestearen artean harreman bat sortzen da. Eta apropos diot “besteak”, izan ere, interesgarria iruditzen zait eztabaidatzea kontalariak duen paperaz, ez bakarrik, ipuin kontaketa batera doazen pertsonekiko, baita jendarte osoarekiko ere.

Eta zein harreman dago kontalaria eta bestearen artean?

Galdera hau bidelagun dut nire lanean, bueltaka darabilt entseguetan, eszenatokietan zein ikastaroetan. Istorioak kontatzearen artearen bidea galdera egoki baten babesean egiteak adi egotera behartzen gaitu, begiak zabalik, gogoa beti prest. Erantzunak maiz, arriskutsuak izan ohi dira, batez ere ideia errezak erosten diren supermerkatuetan eskuratuak baldin badira, balizko eztabaidari ateak itxiz.

Nahiago dut erantzun zabal bat imaginatu, amaierarik ez duen “puzzle” bat bailitzan, zeinean, apurka apurka piezak kokatuz goazen, espazio berriak eraikiaz eta definituaz. Galdera honen erantzun posible bat botatzeko ausardia hartzen badut, beraz, izan dadila eztabaida sortu eta aberasteko helburuz. Inondik inora eztabaida itxi asmoz.

Hona hemen, beraz, gure “puzzlean” bereizten ditudan bi espazio: 

Lehena, entzuleaz egiten dugun irudikapenari dagokio.

Kontatzen den ipuinak bizia hartzen du soilik entzuleak bere irudimenarekin istorioa osatzen duenean. "Gaztelua" aipatzen badugu, entzule bakoitzaren gogoan gaztelu bakarra agertuko da. Irudimenaren eskuhartzerik gabe, kontalariak osatu eta erakutsi beharko luke gaztelua, eta hori, ados egongo gara denok horretan, kontaketaren oinarrizko printzipioa ukatzea litzateke. Nire ustez, entzulea konplize eta sorkuntza-lagun gisa hartu behar dugu, beste ezeren gainetik, eta egungo merkatuak ezartzen duen kontsumitzaile-erabiltzaile logikari gailendu behar zaio. Entzulea, gure partenaire-a da, zorrotzak izan behar dugu berekin, eta bere adimenean eta sentiberatasunean konfidantza osoa izan. Entzulea errespetatzeko modu bakarra da. Entzuleak, beraz, erantzukizunaren zati bat bere gain du, eta kontalari batek kontatzeko artea landu behar baldin badu, esan genezake, entzuleak, entzuteko artea landu beharko lukeela.

“Puzzlearen” bigarren espazioa, besteen aurrean kontatzeko hautua egiten duenaren erantzukizun sozialari dagokio.

Orain urte dexente, Vargas Llosaren Hizlaria (El hablador) irakurri nuen. Denborak oroitzapena lausotu dit, eta gogoan dudana ez dakit nobelaren parte den edo nire imaginazioak sortua den.

Nobela honetan, Peruko Amazioniako tribuak, hizlariaren zain daude, hau da, kontalariaren zain. Herrixka batera iristean, guztiak bere zereginak albo batera utzi eta kontalaria entzutera doaz. Honek, beste bailara batean gertatutako erditzea kontatzen du, ondoko herrixkako uholdea, edo negar malkoz bustitako heriotza. Bere kontakizunean nahastuz doaz, dibinitateak, gauzen sorrerak eta azken berriak. Kontalariak tradizioa bizirik mantentzen du, eta ohiko gauzak, munduaren sorrerarekin eta jaio berriarekin uztartzen ditu, eskuz esku aurkeztuz.

Kontakizuna amaitzean, kontalariak gainontzekoek esandakoa entzuten du,  etorkizuneko istorioak osatuko dituen gertakariak eta anekdotak bilduaz. Kontalaria oihanean galduko da berriro; berak ezagutzen ditu bailarak elkartzen dituen bidexkak, leku ezkutuak, jendea eta bere berbakerak, eta bertakoak bezela, berak ere badaki haizean eta txorien hegaldietan etorkizuneko ekaitzak irakurtzen. Bere kontakizunak aberasteko, ez die galdetzen, mendi tontor batera igota, ilargiari eta izarrei, zer kontatu behar dion hurrengo tribuari. Bere istorioak besteen ahotik elikatzen dira, besteen ahotsekin, abestiekin, barreekin eta negarrekin. Kontalariak, kontalaria izateagatik ez du gainontzekoek baino aho gehiago. Bi belarri ditu, bi begi, bi esku, sudur bat, eta beste guztiek bezala, aho bakarra. Baina zazpi bakarraren kontrako proportzio honetan, esandako hitz bakoitza zazpi aldiz aberastua dago, kideek ukitua, ikusia, sentitua eta entzuna delako.

Justuagoa litzake esatea kontatzen duen pertsona, behatzen duen pertsona dela.

Kontalaria, behatzen duena beharko luke izan, eta behatzen duelako kontatzen du. 

Ezinbestekoa iruditzen zait kontalaria behatzaile gisa ulertzea. Ezin pentsa liteke kontatzea estenatoki batera igo eta hitzak esatea denik. Kontalaria, nahi edo ez, mundua erakusten ari da, bere mundua, beraz, sakonean ezagutu behar du, informazioa jaso, ikasi, bere poeta eta idazleak irakurri, bertako ohitura eta lekurik ezkutuenak ezagutu, bere lurraldeari, herriari, auzokoari zer jazo zaion jakin, eta zergatik ez, ilargia eta izarrak behatu.

Nobelatik gogoan dut ñabardura bat, (bertatik jasoa dela uste dut behintzat), gure herrialdeetako kultura arduradunei zuzendu nahi diedana, zeintzuek artea nahasten duten merkatu-lege zorrotzen eta lehiakortasunaren menpe dagoen merkantziarekin: kanpotar batek indiarrei galdetuz gero kontalaria non dagoen, inork ez du erantzuten, inork ez du esaten noiz etorri zen azkenengoz, edo noiz bueltatuko den, benetan existitzen ote den edo kondaira bat besterik ez den. Kontalaria altxorra bailitzan babesten dute, herri orok bere memoria babestu beharko lukeen legez. 

 
Zuzendaria eta kontalaria. Frantzia, Belgika, Alemania eta Espainia
Itzulpena: Dorleta Kortazar
 

Add comment


Security code
Refresh