ingelerazgaztelaniaz / valentzieraz

IPUIN-SAIO BATEN GARAPEN EGOKIRAKO GOMENDIOAK

 

 Sarrera

Dokumentu honen asmoa zera da: ipuin-kontalariek beren lana modu egokian bideratu ahal izateko aholku batzuk ematea ipuin-kontalariatzaren inguruan dauden kanpoko baldintzak kontutan izanda.

Hauek lirateke, gure ustez, toki itxi zein irekietan ahozko-narrazio saioak bideratzeko baldintzarik onenak.

Dokumentu honek arnasa hartzen du Agiria: ipuinak kontatzeko baldintza egokiak idazkian.

 

DEKALOGOA. IPUIN-BALDINTZAK

 

ESPAZIOA

1 Ahoz kontatutako ipuinek toki epel eta lasaiak behar dituzte.

Ipuin-saio bat bideratu behar da ekintza honetarako espreski erabiltzen den aretoan. Honela zaratak eta entzuleen arreta desbideratzen duten bestelako trabak saihestu ahal dira.

Garrantzitsua da aretoaren tenperatura atsegina izatea, ez hotzegia, ez beroegia, entzuleak eta baita kontalaria ere eroso sentitzeko.

Ahozko ipuin-saio baten garapen egokirako ezinbestekoa da pasabide batean ez kokatzea (atondoak, sarrerak, pasabideak, amankomuneko tokiak,...), behin eta berriro eten egin behar izateak eta balizko zaratek oztopatuko baitute entzute-giro aproposa.

Egokia da ere, saioa baino lehen, bideratuko den tokia prestatzeko asti nahikoa izatea (muntaia, entzule eta kontalariaren kokapena,...)

 

2 Narrratzailea toki onean paratuko da, hau da, kontalariak eta bertaratzen diren entzule-ikusleek elkar ondo ikusteko moduan.  Ekidin behar dira narratzailearen atzeko partean arreta desbidera dezaketen elementuak (ate bat, leihoa...). Batzuetan komeni da tarima txiki baten gainetik kontatzea.

 

3 Saiorako gela akustika onekoa izan beharko da narratzaileak bere ahotsa behartu behar ez izateko. Oiartzuna duten tokiak ez dira egokiak honelako ekintzetarako, zaratak areagotzean oztopatzen baita entzuleek merezi duten bezain ondo entzutea.

Zaindu behar dugu isiltasuna eta entzumena bideratzen duen giro lasaia lortu.

Ahal dela, ez da soinu ekipo onik ez duen toki irekietan kontatuko.

Soinu ekipoa beharrezkoa izatekotan, bere ardura hartzen duen teknikari bat egotea ezinbestekoa izango da.

 

4 Kontatzeko lekuaz aparte, beti egon beharko da tokiaren arduradun zuzen bat (liburuzaina, maisu-maistra, teknikaria,...), saioa baino lehen, bitartean edota ostean ere sor daitezkeen balizko arazoak bideratu eta konpontzeko gai dena.

Pertsona honi dagokio jarduera modu egokiz bideratu ahal izateko arau zehatzak entzuleei azaltzea eta, hala erabakitzen bada, artistaren aurkezpena ere egitea.

 

 PUBLIKOA

5 Beharrezkoa da ipuin saioa zein adin-tarteko entzuleei dagoen zuzenduta aldez aurretik zehaztea. Informazio hau narratzaileari jakinaraziko zaio behar besteko denboraz eta saioari buruz zabaltzen den publizitatean ere agertu beharko da.

Ikusleen kopuruak ez du inoiz gainditu beharko aretoak duen jesarlekuen kopurua. Hauek erosoak izango dira eta ikuskizunera joaten den publiko motarako aproposak izango dira.

Publikoa gonbidatuko da beren xakeleko telefonoak itzaltzera ipuin saioa gustura gozatu ahal izateko.

 

 DENBORA

6 Egitarauan agertzen den hasiera-ordua zaindu behar da, bai tokiaren arduradunaren aldetik, bai narratzailearen aldetik eta baita ikuslegoarenetik ere.

Ikuskizuna hasteko ordua eta bere iraupena egokiak izango dira zuzenduta dagoen ikuslegoarentzat .

 

 NARRATZAILE PROFESIONALA

7 Komeni da narratzailearen iritzia kontutan izatea saioaren oinarrizko erabakiak hartzeko: etorriko direnen kopuruaz, ezarritako adinez, toki aproposaz, behar zehatzez, ordutegiaz, e.a.

 

8 Ikuskizuna ondo bideratzeko behar diren puntu guztiotaz informatuko da artista aldez aurretik: harremanetan jartzeko pertsonaz, heltzeko orduaz, tokiaren ezaugarriez, publikoaz, teknikari-laguntzaileez...

Honez gain, oso egokia izango litzateke narratzailearentzako toki bat izatea bertan bere gauzak utzi eta saioa baino lehen prestatu ahal izateko.

 

9 Edozein motatako grabaketa egiteko (bideo edo audioa) beharrezkoa da aurretik narratzaileari galdetzea eta, hau ados egotekotan, adostu zein momentutan graba daitekeen eta zein iraupenaz.

 

 PUBLIZITATEA

10 Ikuskizunaren aurretiko publizitatea denbora nahikoaz zabaldu egin behar da interesatuen kopururik handienera heldu ahal izateko.

Publizitate honetan beharrezko informazioa agertuko da, hala nola: ikuskizun mota, narratzailearen izena, tokia eta ordua, nori dagoen zuzenduta, sarreren salneurria, non aurki daitekeen informazio osagarria, e.a.