gaztelaniaz

KONTUZ KONTARI! Errenteriako ipuin kontaketa jaialdia Maiatzaren 29tik Ekainaren 2ra luzatuko da. Bertan  hitzaldia, ipuin tailerra, ipuin ikuskariak eta ipuin-poteoa izango dituzte eskeintza paregabea herritarrek zein bertaratzen direnak.

Beste leku askotan bezala, Errenterian ere ipuin kontaketa jaialdiak kultur bizitzari beste proposamen bat gehitu nahi dio. Ipuin kontalaritza bere lekua hartzen ari da gero eta gehiago arte eszenikoen barruko beste bide baten gisa. Haurren munduari lotuegia agertzen bada ere badira helduentzako proposamen arras interesagarriak eta horiek ekarri nahi izan dira, ikus dadin ere helduok badugula zer gozatu ipuinak entzunez. Esperientzia handiko kontalariek eskainiko dituzte euren espektakuloak. Estilo ezberdinetako kontalariak baina guztiak ere kontatzea ikuspegi artistikotik eskainiak. Ipuin tradizionalak, egileenak, propioak, sortzaile bakoitzaren galbahetik paseak, berezko ahotsaren bila. 

Jaialdia Andoni Egaña bertsolariarekin hasiko asteartean  31. "Ahozkotasuna" da mintzaldiaren izenburua. Bertsolaritzaz baino ahozkotasunaren alde anitzak izango ditu aipagai. Mintzoaren erabileraren gaineko gogoeta interesgarria. Xenpelar Etxean izango da 19:30etan

Larunbatean 1, Itziar Rekalde kontalariak ipuin tailerra eskainiko du "Ipuinaren bidaia emozionala" izenburupean, ipuinek pertsonaren garapenean zein izaeran duen garrantzia abiapuntu hartuta. Xenpelar Etxean 9:00etatik 13:30arte

Errenteria Kulturguneak ipuin ikuskariak hartuko ditu. Joxemari Carrerek hasiera emango die ostiralean 31, 20:30etan "Ipuin Bidaiaria" ikuskizunarekin. Jaialdi honetako estreinua da. Emigrante baten zahartzaroan sorlekura itzultzean maletan gordetzen dituen istorioak kontatuko dizkigu. Munduko leku ezberdinetako kontu zaharrak, kontaketa garaikidearen bidetik.

Larunbatean 1, Martha Escudero mexikarra eta Carles Garcia valentziarra izango dira kontatzen, arratsaldeko 20:00etan lehenengoa, 22:30etan bigarrena. Marthak Norma Román Calvo idazle mexikarraren istorioekin helduko da. "Los retablos de Norma Calvo" izango da aurkeztuko duen ikuskaria erretabloetan agertzen diren mirariak kontatuko dituelarik. Finezi handiko kontalaria hizkuntza dotoreziaz erabiltzen duena.

Gauean Carles Garciak aspaldi zaharreko kontuekin helduko da. Kontalarien famili batean sortua, txikitatik entzundako istorioak eskainiko dizkigu, eta baita berak familiako altxor horri gehitutakoak, "Irás y no volverás" espektakuloan. Esanahi bikoitzeko ipuinak, trasgresoreak, irreberenteak, bere kontatzeko estiloaren isla.

Jaialdiari amaiera ederra emateko igandean 2, 20:30etan, Koldo Amestoyk "Biribilketa-Luma Beltza" eskainiko digu. Gizon baten istorioa kontatuko digu. Txori bilakatu da eta hego haizeak eramanik hamaika istorio ezagutuko ditu. Ohikoa duen estilo zehatz eta era berean anitzarekin istorioak kantak eta dantzarekin uztartzen ditu. Euskal Herriko kontalaririk esanguratsuena, euskal kontalaritzari bideak zabaldu dizkiona. 

Baina amaitu aurretik igande eguerdian ipuin poteoa izango da herriko kale eta tabernetan barrena. Errioxako La Compañía del Sacorekin, jaialdiko kontalariekin batera, musika eta ipuinak eskainiko dira tragoak hartu bitartean. Errioxarrek herri musika zein ipuinak eta kantak eskaintzen dituzte han eta hemen, aspaldiko kutsua egungo girora ekarriz. Santiago bidean ere aritu izan dira kantuan eta kontuan.

Emanaldietako sarrerak 5 eurotan salduko dira Antzokiko takilan. Lau ikuskariak ikusteko BONOA ere eros daiteke 16 eurotan. Ipuin tailerrean izen ematea 9 eurokoa izango da, dena dela bonoa erosiz gero ikastaroa debalde izango da. Bonoa eta tailerrerako izen ematea Errenteriako udaleko Kultur sailean (Kulturgunean), goizez, eta Mikelazulo Elkartean (beheko kalea 4) arratsaldez.

"KONTUZ KONTARI" jaialdia bere bidea hastear da, baina hasiera besterik ez da, hurrengo urtetan kontalaritzaren zein arte eszenikoen munduan bere lekua egiteko asmoz sortu baita. Errenteriatik mundura kontu kontari.

2011-07-01 012 Renteria escultura de ninnos

JoxeMari Carrere